Páginas

2012-04-26

GOAZEN TWISTERREAN JOLASTERA !!


Twister jolasa Haur Hezkuntzako gelan erabil daiteken baliabidea da. Hala ere, haurren adina kontuan izanik, jolasa pixka bat eraldatu beharra dago, haurrek burutu eta aldi berean gozatu dezaten. Jarraian, bi adin tarte desberdinetara moldatutako Twisterrak ikusiko ditugu.

Bideo honetan, 3-4 urteko haurrekin landu daitekeen Twister jolasaren eraldaketa bat ikusi dezakegu. Antolamenduari dagokionez: ikasgelan aurrera eraman ahal izateko, oihal handiago bat edo oihal txiki bi edo hiru beharko genituzke, ikasle kopuruaren arabera. ikasgelan ez baldin badago leku nahikorik, psikomotrizitate gelan edo jolastokian burutu daiteke.

Jolas honetan lantzen diren helburuak honako hauek dira (aldamenean nola ebaluatuko den bakoitza zehaztuko dut):

- Oinarrizko forma geometrikoak ezagutzea. (Ea oinarrizko forma geometrikoak ondo identifikatzen dituen)
- Koloreak ezagutzea. (Ea koloreak ondo identifikatzen dituen)
- Tamaina handia eta txikia kontzeptuak ezagutzea. (Ea tamaina handiko eta txikiko irudiak ondo identifikatzen dituen)
- Gorputz eskema ezagutzea. (Ea adierazitako gorputz atalak ondo identifikatzen dituen)
- Bizikidetza sustatzea. (Ea kideekin jarrera baikorra duen)
- Dibertitzea. (Ea ondo pasatzen duen)

Jardueraren garapena:

Lehendabizi irudien hiru aldagaiak (forma, kolore eta tamaina) banan banan lantzen dira, ondoren bi aldagai konbinatzen dira eta azkenik hirurak. Irakasleak aldagaiak edo hauen konbinazioak esatean, haurrek identifikatu beharko dituzte.

Aurrekoa ondo garatu ondoren, irakasleak irudiak gorputz atal batekin ukitzeko eskatuko die haurrei. Azkenik, nahi duten ikasleek, txandaka, adieraziko dute ukitu beharreko irudiak.

Materiala: ohiala/k eta oinarrizko forma geometrikoen irudiak, tamaina eta kolore desberdinetakoak.

Hemengo bideoan aldiz, Twisterraren beste adaptazio bat azaltzen zaigu, 5 urteko haurrekin erabil daitekeena. Jolas hau garatzearen aldera emaniko pausuak azaltzen dira 8 azpi jarduera zehatz aipatuz:
1- Koloreak identifikatu eta aurkitu; 2- Formak identifikatu eta aurkitu. Hurrengo sei pausuak aurrekoa barneratzeko jarduerak dira, baina eskuak eta oinak sartzen dira eszenan, hauekin estali behar baitituzte kolore eta forma desberdineko irudiak. 7. pausuak kolore eta formak konbinatzen ditu: lehendabizi kolore erruletarekin kolore bat zehaztu, eta ondoren forma zehazten da. Hau da, tokaturiko kolore eta formako irudia aurkitu behar dute.

Hala ere, azken adibide honetako Twister jarduera hobeto aprobetxatzearen aldera, lateralitatea lantzea ez ezik, ezker-eskuin kontzeptuak jorratzen hasiko nintzateke. Era horretan, oin eta eskuak izendatzean, eskumakoak ala ezkerrekoak erabili behar diren zehaztuko nuke.

Bestalde, hitzezko erruletaren gainean, irakaslearen presentzia derrigorrezkoa bihurtuko litzateke irakurketa lanak egiteko. Beraz, haurrek autonomoki jolasteko aukera izatea buruan dudalarik, irudien (forma geometrikoak, eskuak, oinak, ukondoa, belauna …) marrazkiak jarriko nituzke hitzen alboan.

Lortu nahi diren helburuak:

- Oinarrizko forma geometrikoak ezagutzea. (* Ikasle taldea honetan abila bada, beste forma geometrikoren bat gehitu genezake. Oraingo honetan, errektangelua ezagutzen hasi dira).
- Koloreak ezagutzea.
- Lateralitatea lantzea.
- Ezker-eskuin kontzeptuan barneratzen hastea.
- Bizikidetza sustatzea.
- Dibertitzea.

Jardueraren garapena:

Bideoko azalpenaren tankerara hasiko da jolasa. Irakasleak maneiatuko ditu sinbolozko edo hitzezko erruleta, eta kolore erruleta. Behin jolasa ulertu eta ezagutzen dutenean, haurrek erruletei emateko aukera izango dute nahi izan ezkero, irakasleak soilik behatzaile lana hartuko duelarik.

Antolamenduari dagokionez, aurreko adibideko jarraibideak balizkoak izaten segitzen dute.

Jarduera burutzeko behar diren materialak: ohiala/k; oinarrizko forma geometrikoen irudiak, tamaina eta kolore desberdinetakoak; kolorezko erruleta; sinbolozko erruleta; hitzezko erruleta.

Ebaluaketa helburuei estuki loturik dagoen prozesua da. Hau da, ebaluazioa planteaturiko helburuak lortu diren edo ez direnaren informazioa lortzea, laburtzea eta interpretatzea ahalbidetzen digun prozesua da.

Beti ere, jolasa aberasteko, kolore berri bat sartu genezake edota kolore guztiak berriekin ordezkatu.

Bestalde, eta amaitzeko, baliabide hau beste gaitasun edota hizkuntza desberdinen garapena lortzeko eraldatu daiteke:

- Oinarrizko formen irudiak jarri ordez, beste irudi batzuk ipini: ukondoa, masaila, belarria, ipurdia, behatzak (oin puntetan egoteko)… Honekin gorputz-hizkuntza landuko dugu: gorputz-eskema ezagutu, oreka landu… Edota fruta desberdinak, animaliak, etab.
*Nafarroako Hezkuntza Zentroetan gorputz hizkuntza lantzeko jolas modura sailkatzen eta erabiltzen dute.

- Atzerriko hizkuntzara hurbiltzen: irakasleak koloreak ingeleraz esatea, haurrak lehen kontaktua izateko helburuz, edo jadanik hastapenak eginak badaude, barneratzeko asmoz. Bigarren honetan, haurrak ere ingelerazko hitzak erabil ditzan bultzatuko da.

1 comentario:

  1. Polita, bideoa ere polita (txertatzea merezi luke) eta proposatzen duzuna ere bai.
    Hobetze aldera datoz kritikak:
    Planteatzen dituzun helburuak, horrela, planteatzen dituzun moduan zorroztu eta birpentsatu beharra dute: alderdi batetik, erredakzioan eduki hutsean gelditzen zara, eb. "koloreak ezagutzea".
    Akaso, ezagutu ahal ditu eta ez dizu erakutsi nahi; ezagutu hala ez, zuk ezin neurtu dezakezu. Ekintza aditza beagarria izan behar du.
    Testuingururik ere ez duzu zehazten: akaso, olgeta horren dinamikak urduri jar dezake umea. Eta horregatik egiten duenak, akaso, ez luke erakutsiko dakiena edo ez dakiena.
    Helburua ere zehaztu (ligatzeko gaitasunean egindako ariketa berbera).

    Bestela -ideiak apur bat aldatuta-, koloreak identifikatzea, lateritatearen kontzientzia erakustea, ezker-eskuin egoki desberdintzea eta bizikidetzaren aldeko jarrera aktiboak erakustea balira zure aukerak, hori den hori ariketa bakarrean lantzeko zoratu egingo zinateke eta ebaluatzaile-armada bat behar zenuke ebaluatu ahal izateko. Jakina, eragin liezazukeen stressarekin, umeek sendo egin beharko lituzkete ahaleginak, ondo pasatuko balute.

    UDan txertatzean helburuak eta ebaluazioa zabal ditzakezu, dinamikak aldatu...

    ResponderEliminar